XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gau erdian, Lezaundietako zilborrak bere erditze burrunba jo zuenean, lo sakonetik itzultzean bezalako lehen lanbrotasun kontzientea nabaritu nuen.

Inguruan marmario haundia zebilen eta neure burua lokalizatu ezinik ari nintzen.

Itzartzea esan dizut, baina ez.

Sortzen ari nintzen.

Neure sorrera bera zen nabari nuena, lurraren sabeleko inguru zuzitsu eta durunditsu hartan.

Gero sarritan liluratu nauen lore itxiaren irekiera sentitzen nuen.

Lehenengotan hain kontzientzia lainoa zen, non ez bainuen elkar gainka zetozen sentsazio haien sorbururik berezten.

Ez nekien ni nintzenik ere.

Baina gero eta ingurua bortizkiago sentitzen nuen, horrek gehiago irekitzen ninduen eta honek inguruaren oharmen zehatzagoa zekarkidan.

Eskuak, oinak eta arnasa bereziak nituen, pultsua ere ba nuen, buruaz ere ohartu nintzen eta lehenbiziko hitzak esan nituen: - Hauek neureak dira.

Hortik irekitasun osora ez zen tarte haundirik izan.

Sortua nintzen eta Lezaundietako haitzuloan nengoen, jendetza haundiaren erdi erdian.

Hauexek izan ziren lehenengoz garbi entzun nituen hitzak: - Honexek egingo du hori! Horixe da irtenbidea!

Denek neuri begiratzen zidaten eta nik oraindik ez nenkien nolakoa nintzen.

Besteak ikusten nituen eta neure bururik ez nuen ikusten.

Haiek ezagutu nituen, neure burua ezagutu aurretik.

Azken hitz horiek esan zituena izaki itzela zen.

Beste guztiak haren ondoan txikiak eta bizkorrak ziren.

Nik ez nenkien nolakoa nintzen, haundi hura bezalakoa ala beste guztietarikoa.

Zutitu nintzen eta gorak eta irrintziak entzun nituen, zuziak airean zirela.

Giza eta basa usain indartsua hartu nuen bat batean.

Zutitzean, zalantzak egin nituen, lehen aldia baitzen, baina ez neukan erortzerik, jendetza ondo ondoraino hurbildu baitzitzaidan, (...).